XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) priorearen deliberoaren ondotik, aita Heribertok, kalez jantzita, gaztelura jo zuen:

- Arrazoi zenuen, deabrua nagusi baitugu, izan ere, Sotoviejon! -esan zion Gadeari.

- Ez, oraindik ez -erantzun zion honek, apal-apal.

- Nola ezetz? -eta Aita Heribertok Gadeak burua ezker-eskuin mugitzen zuela ikusi zuenean, egoskor, aurrera ekin zion-: Eta zuek ere gurekin etorri beharko zenukete.

- Ez, Jainkoaren agindua bete bitartean, gure lekua hemen dago, gazteluan.

Biharamunean, berriz, nazionalak ia tirorik egiteke Sotoviejoz jabetu zirenean, pozaren pozez hurbilduko zitzaien aita Heriberto berria ematera:

- Deabruak, ez, aingeruak nagusitu zaizkigu hemen ere, Sotoviejon.

Arrazoi zenuen, Gadea!

- Paraje hauetan, ordea, deabruak aingeruz jantzita dabiltza sarri, eta aingeruak deabruz...

Aita Heribertok muturra okertu zuen, baina hain zegoen pozik, non berehala ahaztuko baitzuen Gadeak ahoskatutako esaldia, hitz haiei esanahi sinboliko bat emanez, gerrarekin zerikusirik ez zutenak.

Sotoviejo bereganatu zuen buruzagi militarra karlista barne-estu asegaitz bat zen, erlijioari zegokionez tridentino samarra, soldaduei errosarioa errezarazten ziena.

Horregatik, udaletxea koartel jeneraltzat hartu ondoren, herri gaineko murrailetara igo eta inguru hark bi alde zituela konprobatu zuenean gotorlekua eta gaztelua, eta barne-harresi batek bereizten zituela bi aldeok, bizi-biziro poztu zen, han ere armak eta otoitzak eskutik helduta joan zitezkeelakoan, hartarako gotorlekuan bi dozena soldadu jartzea erabakitzen zuelarik (...).